Aurrekariak
Arartekoak arlo honetan egiten duen lanak Konstituzioaren 14. artikuluan du oinarria; izan ere, pertsona guztiak berdinak direlako printzipioa ezartzen du, eta bereizkeria debekatzen. Era berean, eta eremu horretan egiten duen lanaren bidez, Yogyakartako printzipioetan ezarritakoa bete eta errespetatu behar dela babesten du Arartekoak; bai eta lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen eskubideen alde lan egiten duten Europako eta nazioarteko erakundeen erabakiak, jarraibideak eta aholkuak errespetatu behar direla ere. Giza eskubideei buruzko nazioarteko legedia ezartzearen ingurukoak dira aipatu Yogyakartako printzipioak, sexu-joerari eta genero-identitateari dagokienez. Sexu-joera edo genero-identitatea ezin da diskriminatzeko arrazoi bihurtu, eta euskal botere publikoei dagokie pertsona guztien berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin eragozten duten oztopoak kentzeko betebeharra.
Giza duintasunaren defentsan eta pertsona guztiek sexu-joera eta genero-identitate librea edukitzeko giza eskubidea dutelako defentsan dago oinarrituta eremu honetan egiten dugun lana. Horrekin, LGBTI pertsonek eskubide guztiak berdintasunez eta guztiz erabiltzen dituztela ziurtatu nahi du Arartekoak. Zentzu horretan, euskal herri-administrazioek beharrezkoak diren neurriak eta jarduerak garatzea bultzatu nahi dugu, pertsona horiek baztertzeko edozein kausa kentzearren eta haien eskubideak berdintasun osoz gauzatzea lortzearren. Gai horrekin zerikusia duten kexak izapidetzeaz gain, hainbat jarduera egin ditugu, euskal administrazioetan, talde horren eskubideak erabat integratzearekin loturiko funtzionamendua hobetu eta hobekuntzak bultzatu eta sustatzeko. Hiru xede hauei begira daude gure jarduerak:
• Euskal herri-administrazioek euren jarduera guztietan berdintasuna erabat errespeta dezaten eta sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko bereizkeriarik egin ez dezaten lortzea, eskubide horien gauzatzea benetakoa eta eraginkorra izateko beharrezkoak diren neurriak abian jarriz.
• Euskal gizarte os